Iheslariak

logoaEuskal iheslari politikoak

Herri honen askatasunaren alde oldartu direnek, torturaren beldur izanik ihes egin behar izan dutenek, adierazpen askatasun ezagatik, zein alderdien eta erakunde desberdinen ilegalizazioak eragindako espetxeratze arriskuagatik ihes egin behar izan dute milaka euskaldunek beren sorterritik.

Iheslari bakoitzak etxea derrigor utzi behar izanaren zama darama gainean, eta hartatik eratorritako sufrimendu guztiak, bakardadea, urruntasuna, leku batetik bestera ibili beharra, lanpostu bat lortu eta duintasunez bizi ahal izateko zailtasunak… etengabeak dira iheslari bakoitzak jasan behar izan dituen trabak, eta drama humano hori asko eta askori bizitzea egokitu zaielarik, arazo politiko berak bilakatu dituelarik iheslari, arazo horren aurrean elkartzeko beharrak eta konponbidearen alde elkarrekin lan egin nahiak sortzen dute Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa.

Iheslariak noiztik?

Ezinezkoa da data zehatzik jartzea beren etxea utzi behar izan duten euskaldunei buruz. Guri dagokigun atala historia garaikidea bada ere, historian zehar herri hau bere osagarri kultural eta linguistikoak kontutan hartu gabe zapaldua izan denetik eta bere buruaren eta etorkizunaren jabe izan ez dadin erasoak izan direnetik ezagutu dira iheslariak Euskal Herrian. Herri bezala bizi izan nahi dugunetik

Antzinako historiatik honaino milaka testigantza eta froga daude sorterria utzi behar izan duten euskaldunen inguruan, Orreagako batailan, Nafarroako erresuma desagertu ondotik, Ahaide nagusien konfrontazio eta gerra garaietatik (Oinaz eta Ganboa), Inkisizioaren eta sorgin ehizaren denboretatik, hiru karlistaldietan, lehen eta bigarren mundu gerlan Frantziarekin soldadu joan beharrak Ipar Euskal Herrian berea sentitzen ez zuten gerra batengatik ere hego Euskal Herrira ihes egin zutenak, Espainiako Gerra Zibilak eragindako iheslariak…

Gerra Zibil horretatik hona kolektibo hau ez da eten. Frankismo garaietan sortua da guk gaur egun bizi dugun egoera. Perspektiba horretan, historikoki gu azken belaunaldia gara.

Zenbat gara, non gaude eta zein egoeratan gaude?

Zehazki eman ezin den zenbakia da honakoa, 300dik gora zenbatuak ditugu, baina gehiago da EHtik arazo politikoengatik ihes egin behar izan duen jendea. Munduko ia kontinente guztietan gaude, herrialde desberdinetan barreiaturik.

Modu orokor batean, iheslari bakoitza egoera berezian bizi da, aspektu juridiko, administratibo, edo humanoari dagokionez. Hala ere denak batzen gaitu egoera berak, Iheslari edo exiliatu bezala legalki edo ofizialki ez gaudelako onartuak.

Arlo administratiboan kideetako batzuk beste herrialdeetako nazionalitatea jaso dute, beste batzuk Ipar Euskal Herrian inolako paperik gabe bizi direnak, beste batzuk beste identitate batekin bizitzera behartuak direnak, eta baita bere paperekin bizi direnak ere. Badira ere eritasun larriekin etazaintzarik gabe bizi direnak, eta baita 29 urtez geroztik inolako definizio juridiko eta administratiborik gabe diren deportatuak. Gaur egun 18 pertsona direnak.

Ibilbide historikoa

Kolektibo honek bizitzeko 2 estatuen eta askotan nazioartearen oztopo eta errepresioa jasan du. Honek bilakaera eta agerpen desberdina izan du fase desberdinetan.

Frankismo garaitik gaur egunera kolektiboak estatus, tratamendu eta kontsiderazio desberdinak jaso ditu. Adibide gisa, frankismo garaian Europan iheslariak begirune eta ezagutza izatetik, jazarpena pairatzera pasatu gara.

Jazarpen horrek forma desberdinak hartu ditu denboran zehar. Gerra zikinak eragindako hildakoak, asignazio eta konfinamenduak, deportazioak, kanporaketak, estradizioak, espultsioak edo entregak, euroaginduak…

Kolektibo honek ibilbide luzeaizan du, oztopo guztien gainetik etenik gabeko ekarpena egiten gure herriari, eta baita ere presente egon garen beste herrialdeei ere.

Kolektiboarekiko elkartasuna ere iraunkorra izan da historikoki, gure herrian zein presente egon garen beste herrialdeetan ere. Munduan zehar ukan dugun babesa handia izanda, adierazpen desberdinak izan dira zentzu honetan: Burgoseko prozesua deiturikoan bizi izan zena, Europan frankismoaren azkeneko heriotza zigorrak 75ean gertatu zirelarik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu bat etxe bat dinamika, Uruguayko Filtro… eta abar luze bat dira honen adierazle. Era berean elkartasun horrek ere errepresioa jasan duela adierazi behar dugu, asko izan baitira epaituak iheslariak babesteagatik, Euskal Herrian eta baita gure herritik kanpo ere.