«

»

Manu Azkarate eri den iheslariaren espainiaratzea gogor salatu du EIPK-k

[2016-12-22] Osasun arazo edo egoera larrian bizi diren iheslarien etxeratzea eta bizitza duina eramateko neurriak hartzea urgentziazko betekizuna dela azpimarratu du kolektiboak, eta honen alde mobilitzatzera deitu du euskal jendartea.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) honakoa adierazi nahi du Manu Azkarate euskal iheslari politikoaren espainiaratzearen harira.

Gatazkaren ondorioak gainditze bidean preso eta iheslariak etxeratzea ezinbestekoa da eta zentzu horretan atzerako urrats bat izanik, fermuki salatu nahi dugu.

Manu eritasun larri batekin bizi da eta horren tratamendua presondegian egotearekin bateraezina da. EIPKk 2013ko ekainean adierazi bezala, bide orriaren bigarren puntuan (ikus beherago) diogunez, osasun arazo edo egoera larrian bizi diren iheslarien etxeratzea eta bizitza duina eramateko neurriak hartzea urgentziazko betekizuna da.

Euskal jendarteari dei egiten diogu horren alde mobilizatzera.

-Mende erdi honetan arrazoi politikoengatik ihes egin behar izan duten euskal herritarron egoera anitza da. Batzuek harrera estatuen naziotasuna edo errefuxiatu politikoaren estatusa onartua dute. Iheslari gehienok ordea ez dugu inongo aitortza politikorik. Zenbait barne desplazatuak gara Euskal Herrian bertan, eta beste askok deportatuak, konfinatuak edo itzalean gaude mundu zabalean. Urteetako ibilbide honek gutariko askok prekarietate eta babesgabetasun egoera larrian egotera ekarri du. Iheslariok euskal herritarrak gara, nazioartean onartua den gatazka baten subjektu eta ondorioa, eta beraz euskal jendarteari eta agintaritza politikoari dagokie gure bizi duintasun eta oinarrizko eskubideak ziurtatzeko neurriak hartzea. Besteak beste:

-Iheslari gaixo larrien zerrenda eta beren egoera konpontzeko bideak aztertuz.

-Bazterketa egoeran dauden iheslarion duintasuna ziurtatzeko neurriak hartuz.

-Iheslari guztion etxeratzean lagunduz.

Denbora pasa ahala egoera hauek larrituko direla ohartu nahi dugu, ugariak baitira 60 urtetik gorako euskal iheslariak.