«

»

“Iheslariak segurtasun osoz etxeratzeko beharrezko konpromiso eta babes soziala egituratu ez izanagatik hil zaigu Angel erbestean”

[2016-04] Angel Aldana baldintza oso larrietan zeuden iheslarien zerrendan egonik, bere azken hatsa bere herrian eman zezan lortu ez izana,”barne-barnean eramango duen arantza” duela adierazi du EIPKk. Gertatutakoa euskal jendartearen porrot kolektiboa ere badela deritzo EIPKk, eta horrelakoak berriz gerta ez daitezen ahaleginak biderkatuko dituela adierazi du. «Amnistiaren norabidean euskal preso eta iheslariak etxera» goiburuko Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du honenbestez.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari:

Agiri honen bidez Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Angel Aldanaren heriotzak sortu dion bihozmina adierazi eta bere familiari zein lagunartekoei EIPK osatzen dugun kideon agurrik beroena helarazi nahi diegu. Larriki gaixo zegoen Angel Aldanak azken hatsa bere herrian, Euskal Herrian, eman zezan lortu ez izana, EIPKk barne-barnean eramango duen arantza da.

Bere heriotzaren inguruko xehetasunak eta handik egun gutxitara jazotako Nekane Txapartegiren atxiloketak hausnarketa kolektiboa eskatzen duten gertakariak dira.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa gatazka armatuaren ondorioen konponbidean positiboki eragin nahi duten eragile, instituzio eta nazioarteko eragile ezberdinekin hartu emanetan izan ohi da. Azken epealdian EIPKk 2013ko udan Biarritzen aurkeztu zuen bide orriaren mamia lantzea izan da bere zeregin nagusia. Hartu eman horietan, Angel Aldana baldintza oso larrietan dauden iheslarien zerrendan zegoela jakinarazi zitzaien, bere egoerak urgentziazko konpromisoak eskatzen zituela azalduz. Arrazoi politikoengatik eta torturaren beldurrez ihes egin behar izan duten euskal herritarrak segurtasun osoz etxeratzeko beharrezko konpromiso eta babes soziala egituratu ez izanagatik hil zaigu Angel erbestean. EIPKk gertatutakoa euskal jendartearen porrot kolektiboa ere badela deritzo eta horrelakoak berriz gerta ez daitezen ahaleginak biderkatuko dituela adierazi nahi du.

Era berean, gainontzeko iheslariak bezala euskal herritarrak diren heinean, Angel Aldana eta Nekane Txapartegiri euskal instituzioen arreta eta babesa zor zaiela oroitarazi nahi die EAEko eta Nafarroako Gobernuei. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa anitza eta zabala da. Arrazoi politikoengatik eta jazarpen errepresiboak bultzatuta, antolakunde eta atxikimendu ideologiko askotariko euskal herritar ugarik ihes egin behar izan du 50 urte hauetan. Errealitate zabal eta anitz honi erantzun behar zaio, euskal iheslari politikoak Euskal Herriarenak baikara.

Gatazka armatuaren ondorioen konponbideak erabatekoa behar du izan. Ondorioen konponbideak hamarkadetan pairatu dugun biolentziaren eta salbuespeneko logikan oinarritzen den egitura politiko eta legegilearen osagai ezberdinetan eragin behar du. Ibilbide horretarako ugariak izan dira urte hauetan bestelako esperientzietatik ikasitakoak eta aditu andanak mahaigaineratutako proposamenak. Angel Aldanaren heriotzak eta Nekane Txapartegiren atxiloketak agerian utzi dute, berriz ere, gatazkak eta konponbideak nazioarteko dimentsioa dutela eta, hortaz, akordio politikoen bidezko ebazpena beharko dutela. Horrenbestez, konponbidea ETAren armagabetze eta desegite soilari lotzeak jendarteari iruzurra egin eta bakea urrundu besterik ez du egiten.

2013an etxeratzeko konpromisoa hartu eta dagoeneko ehun iheslari inguru beren sorterrira itzuli dira. Alta, egun, munduan zehar sakabanatuta gauden hamarnaka gainontzeko iheslari politikook etxeratzeko eta, gutariko askok pairatzen dugun babesgabetasuna behingoz konpontzeko, iheslarion aldetik agertu den borondateaz gain, bestelako urrats eta konpromisoak beharko dira. EIPKk Biarritzen azaldutako bide orria sakondu eta konponbidearen alde lan egin nahi duten eragile ororekin aritzeko prestasuna berretsi nahi du bertan adierazi bezala ¨konponbidea egituratzeko eta iheslariok etxeratzeko garaia heldu delako¨.

Bukatzeko, apirilaren 17rako, preso eta iheslari ohiek, “Amnistia norabidean preso eta iheslariak etxera” lelopean deituriko manifestazioa agurtu eta bertara joateko dei egiten dugu. Urrun egonda ere bertan izango gaituzue, zuekin bat, denok batera! Herria dugu arnas!

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa
Euskal Herria bihotzean, 2016ko apirila