«

»

EIPK: “Konponbidearen alde urratsak adostu eta bidea gelditu gabe egiten joan behar dugu”

[2015-03-27] Arrangoitzen etxeratze katearen hasiera iragarri zela urtea bete den honetan adierazpena kaleratu du EIPK-k. Konponbidearen alde indarrak metatzeko deia luzatu eta salbuespen neurriak behin betiko bertan behera gelditu daitezen exijitu du, “ez dugulako herri hau iraganean bizitzera kondenatu nahi, egunerokoan lan eginez, elkarrekin” lortuko dugula azpimarratuz.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari:

Ezker abertzaleak eta, berarekin bat, bai iheslarien kolektiboak bai presoenak Euskal Herrian aro berri bat abiaraztea erabaki genuen, eta erabaki horretan euskal herritar askoren gogo eta nahiarekin bat egin genuen, gatazkaren arrazoiak eta gatazkaren ondorioak konpontzeko nahi eta gogoarekin, Euskal Herri libre bat eraikitzeko bidean. Eta horretan ahalegintzen ari gara.

Prozesu horrek berarekin dakarren indar eta ilusioaren beldur estatuek eta, bereziki, Estatu espainolak bortizki erantzun dute, sortutako aukera ez aprobetxatzeaz gain, mendekua oinarri duten atzera begirako politika errepresiboei eutsiz. Aste honetan bertan Guardia Zibilak egindako operazioa dugu adibide ezin argigarriagoa.

Abiarazitako bidearen beldur dira eta horregatik sortu nahi dute etsipena eta noraeza prozesu hori elikatu behar dugun guztiongan. Horregatik, errepresioa zuzen-zuzen jasan berri dutenekin elkartasun ikur goren gisa, aurrera egiteko gure konpromisoa berretsi nahi dugu, Euskal Herrian konponbidearen alde indarra metatuz eta nazioarteko eragileen artean euskaldunon bidezko kausa zabalduz. Askatasun haizeak lehortu izan ditu beti gure malkoak, eta eman dio taupada gure borondateari.

Horregatik guztiagatik, guk ere, euskal iheslari politikook, 2013an Biarritzen aurkezturiko eta iaz garatzen hasitako bide orriari segituko diogu, hori baita egoera berriak sortu eta urratsak egiteko modua.

Urtebete pasa da Euskal Herriari gure bide orria garatzen hasteko erabakia hartua genuela adierazi genionetik. Aukera eskaintzen zuten egoerei soluzioak ematen hasteko hautua egina genuela jakinarazi genuenetik. Horretan ari gara. Egun hartatik hamarnaka iheslari izan dira urteetako erbestearekin amaituz sorterrira itzuli direnak.

Askatasuna eta eskubideak irabazteko emandako urrats bakoitzaren helburua, garatu beharreko prozesu demokratikoaren baitan, erbestearekin behin betiko bukatzea da. Gure herrian normalizazio politikorik ez baita izango azken preso eta iheslaria Euskal Herrian libre izan arte. Bidea egiten ari gara eta, oztopoak oztopo, ez dugu etsiko!

2013ko ekainean Biarritzen aurkeztu genuen Euskal Herrian denbora luzez bizi dugun gatazka politikoa behin betiko konpondu eta azken iheslaria etxeratzeko gure proposamena. Ordutik erakutsi zuten estatuek beraien jarrera zein izango zen: konponbidearen alde lan egin beharrean iheslari politikoen aurka erabiltzen dituzten salbuespeneko neurri bereziekin jarraitzea. Horren adibide dira azken urtean Europa eta Amerikan izandako iheslarien atxiloketak. Ez atxiloketek ez euro aginduek ez dute etenik izan, zenbaitetan torturari esker abiarazitako prozedura judizialetan oinarrituta.

Horregatik, gatazkaren konponbidearen alde indarrak biderkatzeko deia egiten dugu. Euskal Herrian, erasoak salatu eta baldintzatu ez ezik, konponbide prozesua adostu eta bide horretan urratsak ere egin behar ditugu. Euskal Herriak bake justu eta iraunkorreko eszenatoki bat erdiesteko akordio zabalak lortu eta gauzatzeko unea da.

Eskubideen urraketan oinarritzen den estatuen inboluzioak Euskal Herria etsipenera, iraganera kondenatzea du helburu. Euskal herritarrak giltzapean edo deserrian izatera behartuz arazoa eperik gabe luza araziz. Horregatik, inoiz baino gehiago, etorkizuna eskuetan hartzeko garaia da. Oraina irabazteko garaia.

Badira bide horretan positiboki baloratzen ditugun gertaerak ere. Baionako Adierazpena horren adibidea da. Gatazkaren konponbide orokorra planteatzen duen adierazpen gisa ulertzen dugu. Iparraldeko alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta konpromisotik eraikia, orain, garatu beharrekoa. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka eta enfrentamenduaren konponbidea sustraiko arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa emateko prozesuaren eskutik etorriko delako.

Konponbidearen alde urratsak adostu eta bidea gelditu gabe egiten joan behar dugu. Horretarako, iheslarion kasuan, gure aurka erabiltzen ari diren neurri errepresibo guztiak gelditzea ezinbestekoa da:

  • Atxiloketa eta euro aginduak dituzten iheslarien aurkako eskaera judizialak gelditu eta duintasunez bizitzeko baldintzak sortu behar dira.

  • Erabat legez kanpoko den torturaren ondorioz osatu dituzten prozedura judizialak bertan behera uzteko garaia da.

  • 80eko hamarkadan munduko herrialde desberdinetara deportatutako herritar guztiek libre euskal herriratzeko eskubidea izan behar dute.

  • Legedi arruntean artxibatuta behar luketen prozedura judizialei aterabidea eman behar zaie.

  • Iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak ixteko unea da.

Ez dugulako herri hau iraganean bizitzera kondenatu nahi, egunerokoan lan eginez, elkarrekin, lortuko dugu.

Denok izan gaitezen Libre!

Herria dugu arnas