«

»

Tomas Elgorriaga iheslariaren atxiloketa konponbidearen aurkako erasoa dela salatu du EIPK-k

[2014-11-06] Joan den ostiralean Tomas Elgorriaga Hondarribiko euskal iheslari politikoaren atxiloketa salatu du EIPK-k, eta euskal jendartearen gehiengoaren borondatearen kontrako erasoa dela adierazi.

EIPKren oharra:

Ohar honen bidez, Tomas Elgorriaga iheslari politikoaren atxiloketa salatu nahi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak.

Euskal jendartearen gehiengoaren borondatearen kontrako eraso argia dugu Alemanian bizi den Tomas Elgorriaga iheslariaren atxiloketa. Honela, konponbidearen aurkako eraso hau irmoki salatu eta iheslarion aurka modu berezian erabiltzen diren salbuespen neurriak bertan behera utzi behar direla gogoratu nahi dugu.

Lehenetik azkeneraino, gatazkaren ondorio garen euskal iheslari politiko guztiak etxeratzeko metodologia proposatu genuen 2013ko ekainean Biarritzen aurkeztutako bide orrian. Bide honetan, deia luzatu nahi diegu herritar zein eragileei, gatazkaren konponbidearen zein eszenatoki demokratiko baten aldeko dinamika indartzen segitzeko.

Herria dugu arnas

2014ko azaroaren 6ean

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa