«

»

Denon artean salbuespen neurri bereziak gelditzea lortu behar dugula azpimarratu du EIPK-k

Joan den ekainaren 16ean gertatu zen Jokin Aranalderen atxiloketa eta extradizioaren aitzinean, kolektiboak konponbidearen eta bake justu eta iraunkorra bermatuko duen eszenatoki demokratiko baten alde indarrak biderkatu eta lanean jarraitzeko deia luzatu die herritar zein eragileei.

Info+:

EIPKren oharra:

Ohar honen bidez EIPK-k irmoki salatu nahi du kolektiboaren mintzakidea den Jokin Aranalderen atxiloketa eta euro aginduaren gauzatzea.

Aieten hasitako bideari estatuek jarritako blokeoa gainditu eta konponbide prozesuan aurrera joateko konponbiderako ekarpen gisa bide orria proposatu genuen Biarritzen iazko ekainean.

Finean, gaur egungo egoeratik konponbidea bultzatuz euskal iheslari politiko guztien etxeratzea egin eta bizi ditugun egoerak berriz errepika ez daitezen bilatzen duen metodologia bat da.

Egun gutxitara hiru iheslariren atxiloketarekin erantzuna jaso genuen, tartean Jokinena. Pauen izandako bistan argi aipatu zituen aurrez bizi izandako torturak eta bere osasun egoera. Bere aurkako akusazioak gezurtatu zituen. Euro agindua ez da akusazioaren oinarrietan sartzen, horregatik da lehenbailehen gelditu beharrekoa guretzat. Hala ere, Paueko auzitegiak euro agindua onartu zuen.

Egoera horren aurrean bere burua ez aurkezteko erabakia hartu zuen, betiere konponbide prozesua bultzatzen jarraitzeko erakutsi duen konpromisoari eutsiz. Bide horretan bere osasun egoera larriagotu zen eta ekainaren 14ean Baionan eragileek deitutako mobilizazioaren ondoren bizitza normala egiten hasi zen. Atxilotua eta Espainaratua izan den arte.

Kasu honek argi erakusten digu torturak Euskal Herrian utzi duen eragina, euro aginduak egikaritzea ahalbideratzen duen injustizia. Ordua da euskal iheslarion aurka modu berezian erabiltzen diren neurri juridikoak bertan behera utzi eta alde askotarikoen artean konponbide prozesua egituratzeko.

Hau horrela, herritarrei eta eragileei deia luzatu nahi diegu konponbidearen eta bake justu eta iraunkorra bermatuko duen eszenatoki demokratiko baten alde indarrak biderkatu eta lanean jarraitzeko. Bide horretan salbuespen neurri bereziak gelditzea, torturapean egindako dosierrak indargabetzea eta euro aginduari bidea ixtea lortu behar dugu.

Herria dugu arnas

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa

Euskal Herrian, 2014ko uztailaren 18a