«

»

Bide orria gauzatzen hasiko dira iheslariak, konponbiderako nahia oinarri

iheslariak, exiles, exiliados arrangoitze[2014-03-22] Konponbidea bultzatuz, bide orria gauzatzen hasi eta gaurtik aurrera etxeratze katean lehen urratsak emanen dituela iragarri du EIPK-k Arrangoitzen. Konpromisozko urratsa dela azpimarratu dute, bide oso bat egin nahi duena. “Guztion artean lortu behar dugu azken iheslaria etxeratzerainoko dinamika iraunkor eta sendo bat sortzen”, izan ere, konponbide prozesua garatzeak, ezinbestean, preso eta iheslari guztien etxeratzetik pasa behar duela adierazi dute.

EIPKren adierazpena:

Euskal Herrian luzaz pairatutako gatazka politikoak eta haren ondorioek soluzioa behar dute. Konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da, eta guk ere Euskal Herriaren geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu. Inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez dezan.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren helburua, garatu beharreko prozesu demokratikoaren baitan, erbestearekin behin betiko amaitzea da.

Helburu hori, ez da bat-batean, egun batetik bestera lortuko. Gezurra badirudi ere, bakeak eta konponbideak etsaiak dituzte. Baina bidea egiten ari gara, eta horretarako, hain zuzen, egin zuen ekarpena gure Kolektiboak joan den urteko ekainean Biarritzen egindako ekitaldian.

Bide orria aurkeztu genuen, gatazkaren konponbide orokorraren baitan, etxerako bidea hartzeko. Orain, plazaratutako egitasmoa egituratu eta gauzatzeko ordua iritsi da; zentzuzko deboran iheslari guztien etxeratze mailakatua egiteko.

Argi dago Frantziak eta Espainiak oraindik ez dutela bat egiten guztiok irabaziko genukeen prozesu demokratiko baten egituratzearekin. Herri hau, errepresio eta biolentzian, iraganean, bizitzera kondenatu nahi dute. Alta, Euskal Herrian eta nazioartean, indarrak biltzen ari gara, egiten den urrats bakoitza atzeraezina izan dadin, eta aukera berriak ireki ditzan.

Gatazkari soluzio orokorra ematea nahi du herriak, eta askatasunean bizitzeko duen nahia etengabe adierazten du. Aurrerapausoak eskatzen ditu. Horregatik, gure urratsak Euskal Herrian kokatzen ditugu, euskal herritarrek konponbiderako duten nahia eta beharra oinarri izanik. Herriarekin batera bidea egin nahi dugu!

Konponbiderako ekarpena aurkeztu genuenetik eragile politiko eta sozialekin izandako harremanetan babes handia jaso dugu, honela, bide orria gauzatzen hasteko erabakia hartu dugula jakinarazi nahi diogu Euskal Herriari.

Zailtasunak ditugu oraindik gure kolektiboa osatzen duten kide guztiak etxeratzeko, baina aukera eskaintzen duten egoerei gaurdanik soluzioak ematen hasteko hautua egin dugu. Beraz, gaurko egunetik aurrera gure sorterrietako kaleak betetzen hasiko gara. Gaurtik aurrera gure sorterriko plazetan ere ikusiko gaituzue berriro.

Konpromisozko urratsa da, bide oso bat egin nahi duena. Guztion artean lortu behar dugu azken iheslaria etxeratzerainoko dinamika iraunkor eta sendo bat sortzen. Konponbide prozesua garatzeak, ezinbestean, preso eta iheslari guztien etxeratzetik pasa behar duelako.

Blokeo guztien gainetik ilusioz eta indarrez aurrera jarraitzeko mezua helarazi nahi dugu. Gero eta gehiago gara konponbide prozesuak itxikeria guztien gainetik aurrera egitea nahi dugunok. Herritar bakoitza da askatasunerako giltza.

Badakigu, beraz, ez gaudela bakarrik bide hau egiteko orduan. Hurbileko ditugu erbestean izan diren lagun horiek guztiak, hurbileko ditugu ere elkartasuna erakutsi diguten milaka eta milaka herritarrak eta hurbileko izan nahi dugu, begirunez, agertoki justu eta baketsua nahi duen herritar oro.

Aske izateko joan ginen eta aske izateko itzultzen hasi gara, denok izan gaitezen
libre!
Herriarekin batera konponbide prozesua bultzatzera goaz!

Herria dugu arnas

Euskal Herrian, 2014ko martxoaren 22an

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa