«

»

Iheslarien aurkako jazarpenari amaiera emateko babesa eskatu dio EIPK-k euskal jendarteari

[2013-12-3] Euskal Iheslari Politikoen aurkako jazarpenari amaiera emateko eta Jon Iurrebasoren atxiloketa hau salatzeko babesa eta laguntza eskatu dio EIPKk jendarteari.

Euskal Iheslarien Kolektiboak Jon Iurrebasoren atxiloketa salatu nahi du ohar honen bidez.

Urteak dira Ipar Euskal Herrian bizi dela Jon, agerian, bertako gizarte bizitzan erroturik, eta medikuen zaintza pean, eritasun larri bat daukalako. Ulertezina eta onartezina iruditzen zaigu atxiloketa hau, batetik egungo testuinguruan, non eta eragile ororen arteko akordioak lehenetsi behar diren arazo politikoari konponbide demokratiko eta justu bat emateko, eta bestetik, egoera pertsonal larri bati eragin eta kalte larriagoa egiten diolako.

Halaber, ezin dugu ahantzi gure mintzaide Jokin Aranaldek bizi duen egoera, errepresioari aurre egiteko izkutuan bizitzeko hautuari emana, baina aldi berean iheslari politikoen afera behin betiko konpontzeko konpromisoari aurpegia emanaz.

Iheslariok konponbide prozesuan parte hartzeko eskubidea dugu, eta hartara lerratzen da gure deliberoa, urratsak emateko prest gaude, eta baita ekainaren 15ean Biarritzen plazaratu genuen konponbide proposamenari eusteko ere.

Euskal jendarteari babesa eta laguntza eskatzen diogu, atxiloketa hau salatzeko, eta Euskal Iheslari Politikoen aurkako jazarpenari amaiera emateko.

Herria dugu oinarri, Herria dugu arnas.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa

Euskal Herrian 2013ko abenduaren 3an