«

»

“Ezin da biharko utzi, muturreko egoerak, premiazkoak, gaur gaurtik konpontzeko garaia da”

[2013-11-8] Ana Gastesi iheslari nafarraren heriotzaren aitzinean, EIPK-k konpromisoak hartzeko garaia dela adierazi du.  Anaren kasua errepikatu ez dadin, eta munduko toki anitzetan barreiaturik diren kolektiboko kideen bizi egoera makurra ez dadin larriagotu gaurtik beretik haiek denak etxera bidean jartzeko garaia heldu dela adierazi dute eta eragile eta herritarrak haiekin bat egin dezaten deitu dute.

Ohar honen bidez, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, bere doluminik sentituena helarazi nahi dio zendu berri den Ana Gastesiren senitartekoei, eta baita bere burkide eta hurbileko lagunei ere, haren hutsunearekin bizitzen segitu behar duten euskal herritar orori.

Nafarroa Garaian sortu eta Nafarroa Beherean zendu da Ana Gastesi, Euskal Herriko lurretan, baina deserriko eremu derrigortuan, bere sorterrira itzultzeko aukerarik ukan gabe. Emakume borrokalari eta aurrerakoia, abertzale zintzoa, har beza atseden, eta bihoakio gure miresmen eta goresmena. Eskainiko zaizkion azken agurrei beha, haietan parte hartzeko deia luzatzen dugu bide batez.

Abian da Euskal Herriko arazo politikoari konponbidea emateko prozesua, korapiloak askatzeko garaia da, behin betiko soluzioak aurkitzeko garaia. Eta bide horretan, guri dagokigun eremutik, babesa eskaintzen diogu prozesu horri, eta iheslari bilakatu gaituen arazoari behin betiko soluzioa emateko prestutasuna berresten dugu. Ekainak 15ean Biarritzen argitara eman genuen proposamenari bere osotasunean eusten diogu.

Bestetik, konpromisoak hartzeko garaia dela adierazi nahi dugu. Herri gisa aurrerantz eramango gaituen bidea ageri zaigu aitzinean, eta bide horretan urratsak emateko garaia da. Ezin da biharko utzi, muturreko egoerak, premiazkoak, gaur gaurtik konpontzeko garaia da honakoa.

Ez dugu nahi Anaren kasua errepika dadin, ez dugu desira munduko toki anitzetan barreiaturik ditugun kideen bizi egoera makurra larriagotu dadin, eta horregatik diogu, gaurtik beretik haiek denak etxera bidean jartzeko garaia heldu dela.

Hargatik egiten diogu dei eragile sozial, sindikatu, alderdi politiko eta euskal herritar orori, bere babes eta laguntzarekin arazo hauen guztien soluzioa xerkatzeko gurekin bat egin dezaten.

Herria dugu amets. Herria dugu arnas.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa,

Euskal Herrian 2013ko azaroaren 8an