«

»

“Guztiok herri libre batean bizi gaitezen” jarrera intsumitua hartzea erabaki du Jokin Aranaldek

[2013-10-31] Euroagindua baieztatu eta biharamunean prentsara bidalitako gutunean jarrera intsumitua hartzeko erabakia agertu eta euroagindua EIPKren bide orria oztopatzeko erabili izan dela salatu du Jokin Aranaldek, “EIPK-ko bozeramailetako bat izanik, nire konpromisoa delako azken iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea, guztiok herri libre batean bizi gaitezen”.

Jokin Aranalderen gutuna frantsesez, gutuna espainolez eta segidan gutuna euskaraz:

67 urte ditut. Bi estatuek azken 50 urte hauetan eragindako garai beltzenetako bat bizi izan dut, minutuz minutu, bereziki frankismoak eragindakoa Hego Euskal Herrian. Hiru aldiz torturatua izan naiz, azkenekoz 2002an. Azken 50 urteetan 7.000 inguru torturatuetako bat naiz. Hartako Iparraldera bizitzera etortzea erabaki nuen, laugarrengo aldiz tortura soportatzea ezinezkoa egiten zitzaiolako nire buruari eta gorputzari. Erran behar dut ere, amildegian zen gure herria berpizten ikusi eta bizi izan dudala. Berpizte eta eraberritze politiko, kultural eta sozialean ni parte izan naiz eta baita lagundu ere. Baina gaur oraindik, gure herriak ez du lortu bere buruaren jabe izatea.

Duela bi urte aldaketa sakona ekarriko zuen bi gertakizun eman ziren Euskal Herrian: bata Aieteko Konferentzia eta bestea Euskadi ta Askatasunak borroka armatua bertan behera uztea. Aieteko Konferentzian, Kofi Annan (ONUko lehendakari ohia) buru zela, munduko pertsonalitate eta Euskal Herri osoko politikari eta pertsonalitate anitz lekuko izanik, bide orri bat erabaki zen gatazka politiko armatua behin betikoz gainditu eta Euskal Herriak bere bidea egiteko baldintzak ezarri zitzan.

Zoritxarrez erran behar da Euskadi ta Askatasunak bakarrik bete duela bere hitza ehuneko ehunean.

Bi estatuen jarrera ezkorra ikusirik, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboan (EIPK)  erabaki genuen, Euskal Herri osoan bezala, guk ere bake prozesua bururaino eramateko aktibatu behar genuela. Horrela, ekainaren 15ean aurkeztu genuen lehenik ordezkari politiko, sozial eta kulturalen aitzinean eta gero, publikoki gure proposamena. Gure bide orriak Aieteko Konferentziaren espirituarekin bete betean bat egiten du.

EIPKk proposatutako bide eraikitzailea begi onez hartu eta era positiboan erantzun beharrean, kolpe errepresibo batekin erantzun dute bi estatuek. Kanpaina mediatiko bortitz baten ondoren, hiru euskal iheslari atxilotu eta epaituak izan gara. Biri ez zaie euroagindua onartu. Bi kide hauek epaiketa edo justiziaren inpartzialtasun itxura emateko erabiliak izan dira, epaiketa fartsa bat ezkutatzeko, alegia. Finean, EIPKren bide orria oztopatzeko erabili izan da euroagindua. EPAIKETA POLITIKO BAT IZAN DA, BERAZ.

Egoera honen aitzinean, pertsonalitate instituzional, politiko, mugimendu sozial eta kultur esparruko hainbat pertsonalitatek, jarrera intsumitu eta desobediente batez erantzun beharra mahairatu dute, EIPKren bide orria jendarteratu eta herriak defenda dezan, bi estatuen gainetik, prozesu demokratikoa bururaino eramateko.

Eragileen jarrera arduratsu eta txalogarri honen aitzinean erabaki dut jarrera intsumitua hartzea, EIPK-ko bozeramailetako bat izanik, nire konpromisoa delako azken iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea, guztiok herri libre batean bizi gaitezen.

Euskal Herriak hitz eder eta polit anitz jaso ditu historian bere eskuzabaltasunagatik. Esaterako, historialari askok jaso dute ondorengo pasartea: (1945eko udaberrian, euskal batailoi batek Atlantikoko portuak askatzeko gudaldian parte hartu zuen. De Gaullek Bordelen zoriondu zuen. Ikurri? besarkatuz, hau esan zien: ‘Frantziak ez du sekulan ahantziko euskaldunek beraren alde egin duena’).

Hitz eder eta politak herriak bakarrik betetzen ditu edukiz. Euskal Herriak aitzineratu ahal izateko oinarri eta bermea herria da. Hartako, herritar guztiei dei egiten diet mobilizatzera, nahi eta behar dugun benetako bakea lortze aldera. HERRIA DUGU ARNAS ETA ARRAZOI.

Bukatzeko, auzokide eta herritar ororengandik jaso dudan maitasun, elkartasun eta babesak sortzen dizkidan sentimenduak adierazteko hitzak xerkatzea ezinezko egiten zait. Esker mila eta kuraia on den-denei.

 

Jokin Aranalde