«

»

Erasoen gainetik, hasitako bideari jarraituko diola adierazi du EIPK-k

[2013-09-30] Jazarpen errepresiboa dela eta Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari helarazten dion mezuan hasitako bideari jarraituko diola adierazi du EIPK-k.

Jazarpen errepresiboa delaeta, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari

Berriro ere errepresioaren eta jazarpenaren jomugan jarri gaituzten arren, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak hasitako bideari jarraituko diola adierazi nahi du. Ekainaren 15ean Biarritzen egindako ekitaldi jendetsuan, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari soluziobide demokratikoa emateko prozesua bultzatzeko ekarpena egin nahi dugula esan genuen. Horretan ari gara buru-belarri, munduan zehar barreiatuta dauden lagunekin loturak estutzen, nazioarteko eragileei gure egoeraren berri emanez eta euskal jendarte zein eragileekin harremanak trinkotzen. Euskal Herrian bizi dugun egoera berria dela eta, gatazkari konponbide orokor eta justu bat emateko bidean, prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa dugu. Euskal herritar errepresaliatu guztiak Euskal Herrira eta beren etxeetara bueltatzeko garaia dela aldarrikatu genuen, eta gure eskutan dauden urratsak egiten edo prestatzen hasiak gara, konponbide osoa lortzeko ahaleginaren baitan.

Beharbada horregatik, prozesua azken bururaino eramateko indarra pilatu nahi dugulako, errepresioa dugu ordaina. Frantziako zein Espainiako estatuen borondatearen zain ez geratzea erabaki genuen, gaur gaurkoz konponbidean interesik ez dutelako eta bakearen agendaren garapena galarazi nahi dutelako. Horrelaxe ulertzen dugu haien jokabidea: aldebiko prozesurik ez dute garatu nahi eta aldebakarretik urratsak eginez egoera berriak sortu nahi ditugunoi eragozpen guztiak jarri nahi dizkigute. Egoera lokaztuta nahi dute, euskal herritarren gogoaren eta nahiaren beldur direlako.

Horrela, egoera berrian iheslarion aurkako salbuespeneko neurriak bertan behera utzi beharrean, nazioartean presioa handitzea eta euroaginduaren moduko mekanismoekin jazarpenari eusten diote. Venezuelan gertatutako Asier Guridiren atxiloketa eta, Biarritzeko ekitaldiaren biharamunean, Kolektiboaren bozeramaile den Jokin Aranalderen aurkako euroaginduaren onarpena edota Patxi Segurolaren estradizioa ditugu jokamolde horien azken adibide garbiak.

Nolanahi ere, gure hautua tinkoa da: aurrera egin behar dugu; luze, luzeegi jo duen gatazka eta injustizia errealitatetik egoera justu eta demokratiko batera iristeko. Igarobide horretan gatazka elikatu duen osagai bat bera ere ez irautea dugu helburu. Hori da ondoko belaunaldiei egin nahi diegun ekarpena, berriro inork inoiz urteotako ondorio gordinak pairatu behar ez dezan. Ez hildakorik, ez iheslaririk, ez presorik, ez torturaturik… Konponbidea arazoaren muinari eta arazoaren ondorioei, horixe nahi du Euskal Herriko gehiengoak, eta baita guk ere.

Etorkizuna modu konpartituan eraiki nahi dugu, iraganeko egi osoa ezagututa eta jendarte berri batentzat baldintza eta oinarri demokratikoak jarrita. Guk ariketa horretan parte-hartzeko prestutasun osoa dugu.

Bide hori dena egitera goaz, baina oso-osorik ezingo dugu bakarrik burutu. Konponbidea eta bakea nahi duten indar, eragile eta herritarren hatsa behar-beharrezkoa da aurrera egiteko, baita nazioarteko komunitatearen ekarpena ere. Babesa eman dezaten edo, gutxienez, dinamika kaltegarriei bide eman ez diezaioten eskatu nahi diegu iheslarien aferarekin zeresanik izan dezaketen guztiei. Bereziki gizarte justuagoak aldarrikatzen duten munduko gobernuei Espainiako eta Frantziako presio bidegabearen aurrean ez dezatela amore eman eskatu nahi diegu.

Bakearen eta askatasunaren kontra diharduten indarrak boteretsuak dira, eta Euskal Herrian abiarazitako prozesua oztopatu eta moteldu dezakete, baina ez geldiarazi, herri gogoa eta aktibazioa piztuak badira. Berriro diogu: Herriaren ordua da, Herria dugu arnas eta berme. Guztion arteko ahalegin eta borrokaz irabaziko dugu etorkizun librea.

Euskal Herria, 2013ko irailak 29