«

»

“Mahaigainean jarri genuen konponbiderako proposamena, eta horri eutsiz eginen dugu aurrera, hura betetzeko beharrezkoak diren urratsak emanaz”

[2013-06-26] EIPK-k biziki larritzat jo ditu azken egunotako atxiloketak, zeinetan Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga iheslariak atxilotu dituzten. Jokin Aranalde mintzaide taldeko kidea atxilotu izanak, kolektiboaren eta Biarritzen plazaratutako konponbide proposamenaren aurka egiten dela nabarmendu dute. “Gure mezuaren hartzailea herria da, babesa da bermea, eta akordioak dira arazo politikoa konpontzeko oinarria”, dio kolektiboak.

EIPK-ren oharra:

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak biziki larritzat kontsideratzen ditu aste honetako gertakariak, non, Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga atxilotuak izan diren.

Gure kolektiboak ez du bereizketarik egiten, hura osatzen duten gizon-emakume bakoitzak bere sofrikarioa gainean badarama ere, bateratasun bat osatzen dugu, eta gure helburu lehena sofrikario hori gainetik kendu eta iheslari bilakatu gaituen arazo politikoa integralki konpontzea da. Ez gara gaizkileak, atxiloketa eta torturen ihesi sorterria atzean utzi behar izan duten pertsonak gara, gure herria libre bilakatu eta libre ikusi nahi dutenak. Honela, hiruen atxiloketa jotzen dugu larritzat.

Egoera bereziki larria bilakatzen du gainera, Jokin Aranalde mintzaide taldeko kidea atxilotu izanak, horrekin kolektibo osoaren aurka egiten baita, eta batez ere iragan ekainaren 15ean Biarritzen plazaratutako konponbide proposamenaren aurka, zeinak manera orokor eta ordenatuan, arazoari irtenbidea emateko modu eraikitzailea barnebiltzen duen.

Errepresioaren kolpeekin gibelarazi nahi gaituzte, atzean utzi nahi dugun garai beltz horretara itzularazi, baina honen guztiaren aitzinean aurrera jarraituko dugula adierazi nahi dugu.

Gure mezuaren hartzailea herria da, babesa da bermea, eta akordioak dira arazo politikoa konpontzeko oinarria. Mahaigainean jarri genuen konponbiderako proposamena, eta proposamen horri eutsiz eginen dugu aurrera, hura betetzeko beharrezkoak diren urratsak emanaz. Eta bide hori herriarekin batera egin nahi dugu, gure babesleekin, eragile sozial eta politikoekin, eta guztiekin batera uneotan jasaten ari garen errepresioari erantzuna eman. Arduraz jokatzeko garaiak dira honakoak, eta ardura horri ilusio eta gogoz eutsiko diogula adierazi nahi dugu.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa (EIPK)
2013ko ekainaren 26ean