«

»

Elkartasunaren hatsa zabalduz

 

baiona-elkartasunaren-hatsa_foto610x342

[2013-05-25] Elkartasun Hatsa prentsaurrekoa Baionan

Baionako katedralaren aitzinean bildu ziren joan den maiatzaren 25ean iheslariei urte luzeetan zehar modu desberdinetan babesa eskaini dieten hainbat herritar. Anitza eta zabala urteetan zehar iheslariek ukan duten babes eta sustengua, eta agerraldia izan zen horren erakusle. Datorren ekainaren 15ean Miarritzeko Irati erakustazokan izanen den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia luzatu zuten bertan, elkartasunaren hatsa zabaldu eta iheslariek konponbide prozesuan parte hartzeko eskubidearen aldarrikapena eginez.

Entzun agerraldiko audioa hemen.

 

Agerraldian irakurritako testua:

“Denek dakigu etxea zer den. Denek dakigu sortzen ikusi gaituen lurrak sentimendu bat eragiten digula. Lur hori eta etxea atzean uzteak bakoitzari egiten dio min ordea.” Euskal iheslari politikoen kolektiboko kide batzuen hitzak dira, hitz azkarrak eta erran nahi handikoak.
 
Euskal iheslari politikoek urteetan zehar ukan duten ibilbidea, luzea, anitza eta trabaz beterikoa izan da. Anitza eta zabala beren ibilbidea, eta anitza eta zabala urteetan zehar ukan duten babes eta sustengua. Norbanakoen sustengua, taldeen sustengua, herriaren sustengua. Hemen bildu garen guzien sustengua.
Maite duten pertsonengandik urrun bizitzera behartuak izan ondoan, etxean hartuko duen pertsonaren babesa izan du iheslariak. Babesa, laguntasuna, maitasuna eta berotasuna. Hizkuntza berriari aurre egiten lagunduko dion pertsonaren babesa. Lana eskuratzen lagunduko dion pertsonaren babesa. Medikura lagunduko dion pertsonaren babesa. Etabar, etabar… Ezin zenbatuzkoa da azken 50 urteetan iheslari politikoei babesa adierazi dieten, diegun, pertsonen zerrenda, gaur egun oraindik babes hori eskaintzen dieten, diegun pertsonen zerrenda. Ezin ahantzi ere, denbora guzi hortan Anai Arteak egin lana, sustengu horren lehen planoan izan baita beti.

Ezin ahantzi, denbora guzi hortan Anai Arteak egin lana, sustengu horren lehen planoan izan baita beti.

 
Sarraskiak eta hilketak antolatu eta baimendu ziren garaian, GAL eta beste talde armatuek ekintzak burutu zituztenean, karrikako babesari esker lortu zen ekintza burutu ondoan hainbat mertzenario atxilotzea, jendea gibeletik lasterka joan zitzaielako. Heriotzaren beldurrez berriz gordetzen hasi zirelarik, ehundaka izan ziren iheslari horiek beren teilatupean hartu zituzten pertsonak. Oroit gira, “errefuxiatu bat, etxe bat” lemaz.
 
Gerla zikinaren bukaerak, espultsioei eman zien hasiera 1987an. Charles Pasqua barne ministro ohiak berak onartu zuen hori, GALen inguruan Canal+ek plazaratu dokumentalean.
 
Eta espultsioetaz gain, asignazioak, konfinamenduak, deportazioak, estradizioak eta azkenik euroaginduak… lege mailako anitz arau sortu dituzte iheslarien kolektiboa suntsitzeko. Egoera horiei ere, jendearen sustengu eta babesari esker egin zaie aurre. Iheslari bat asignatu, konfinatu edo deportatu izan denean, sustengu sarea sortuz, eguneroko beharrei aurre egiteko laguntza eskainiz, bisitak eta bidaiak antolatuz eta beste.
 
1995ean, asignazioa, konfinamendua edo deportazia hautsi eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zutelarik ere, sustengu anitza eta zabala eskuratu zuten. Baionako katedralean egon zirelarik bildu zuten sustengua, apezpikuarena, hautetsiena, eragileena edo herritarrena.
 
Eta azkenik, ezin aipatu gabe utzi, euroaginduen kontra bildu den mugimendu eta sustengu zabala. Izpuran adibidez. Gazteak, helduak, hautetsiak, auzapezak, eragileak, sindikatuak, gazte horiek beren etxean aterbetzeraino joan direnak.
 

Babes osoa erakutsiko diegu ekainaren 15ean antolatzen dugun ekimenean

 
Erran bezala, iheslariek azken 50 urteetan ukan duten babesa zenbatu ezinezkoa da. Duela 50 urte, duela 25 eta gaur egun oraindik. Euskal Herriak bizi duen une garrantzitsu eta interesgarri hontan, iheslarien kolektiboko kideek Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea jorratu nahi dutela adierazi dute, mundutik herrira itzuliz. Diote, “Herria eraman zutela haiekin, herria bizi izan dutela urrun egonik ere, eta herria dutela gure hatsaren ezinbesteko oinarri”. Guk, gaur hemen adierazi nahi diegu, “herriaren babesa eraman zutela haiekin, herriaren babesa bizi izan dutela urrun egonik ere, eta herriaren babesa dutela beren hatsaren ezinbesteko oinarri.”
Horregatik, babes osoa erakutsiko diegu ekainaren 15ean antolatzen dugun ekimenean.
 
BUKAERAKO HITZA
 
Hor giren babesleak, heldu den ekainaren 15ean Miarritzeko Irati erakustazokan, iheslari politikoen kolektiboaren aldeko egun bat antolatzen dugu. Egun hortan, kollektiboak gatazkaren konponbidean ekarpen politiko baten egiteko aukera izanen du.

BABESLEAK

Claire Cellan, Erregina Dolosor, Frantxoa Garat, Claude Larrieu, Jean Fagoaga, J. Louis Davant, Koko Abeberry, Luxi Bortayrou, Graxi Etxebehere, Victor Pachon, Ruben Gomez, Jakes Abeberry, Michel Berger, Juan Salazar, Mikel Epalza, Anne Marie Grenié, Charles Bidegain, Allande Etchart, Jean Noël Etcheverry (Txetx), Laurence Hardouin, Mixel Mendiboure, Bixente Garcia, Battitta Larazabal, Yvette Debarbieux, Christian Garay, Mirentxu Apesteguy, Josiane Mersch, Filipe Mersch, Solange Ibarboure, Georges Aguerre, Annie Arroyo, Bixente Garzia, Battitta Larzabal, Andoni Iturrioz, Mendi Mixu, Arrosagarai Ladix, Jean-Pierre Jeudy, Carhaix-eko auzapez ohia (1977-1995), Daniel Cotten, Carhaix-eko hautetsia, Charlie Grall, kazetaria, Ortzi Pakoletamendia, Itziar Aizpurua, Julen Kalzada, Dominika Daguerre, Lucio Urtubia, Ane Urtubia, Pascal Echeiu, Alice Leiciagueçahar eta Arantxa Arruti.

——————————

Info +: