«

»

[2012-11-03] “Herriaren hauspoak eramango gaitu sorterrira” dio Kolektiboak Azkainen

errefuxiatuen-kolektiboa-2012-11-03-014Azkainen eginiko agerraldian, egun Euskal Herrian martxan den prozesu politikoari atxikimendu osoa eman eta gatazkaren ondorioak gainditze aldera zein estatuen blokeoaren gainetik urrats are ausartagoak emateko prestutasuna agertu zuen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak.  Irakurri agiria hemen.

Iheslarien Kolektiboak Euskal Herriari:

Munduan barreiaturik eta egoera ezberdinetan bizi garen Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin.

Bi dira erronkak: nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea, alde batetik, eta gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea, beste batetik. Bai batean bai bestean, herri protagonismoa gako dugu. Eta iheslariok ere bi betebehar horiei ekarpena egiteko gogoarekin gatoz. Euskal herritar gisa prozesu politikoan parte hartzeko gogoarekin, eta erbestea behin betiko desager dadin bidea egiteko asmo sendoarekin.

Aukera politiko galantak sortu dira gure herrian. Itxaropenaz begiratzen diogu etorkizunari, baita etorkizun hurbilari ere. Eztabaida politikoa zabalzabalik dago euskal lurralde osoan.
Inposizioa eta asimilazioa oinarri duen Estatu espainoleko proiektu politikoak porrot egin du gurean. Antzuak ziren eta agortuak dira Moncloako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bitartez eraikitako egitura juridikopolitikoak.

Egun ez da soilik Ezker Abertzalea ondorio horretara iritsi dena. Zer esanik ez Ipar Euskal Herriaren aitortza ezari dagokionez. Inoiz baino indartsuagoa eta partekatuagoa da berezko erakundetzearen aldarria, adostasuna oso zabala baita eragile politiko eta sozialen artean, herri gogoaren isla.

Garaipen politiko oso garrantzitsua da euskal askapen prozesua honaino ekarri izana. Inposizioari ezetz esan genion guztion lorpena. Eskubideen gainean oinarritutako geroa eraiki nahi dugunon lanaren ondorio zuzena.

Zoritxarrez, estatuak ez dira gai gatazka historiko honi modu egokian eta demokratikoan aterabidea emateko. Indarkeria erabiltzen dute, egiturazko indarkeria Euskal Herriari kanpo injerentziarik gabe bere buruaz erabakitzea galarazten diotelako, eta baita indarkeria sistematikoa ere, bere proiektua inposatzeko errepresioa erabiltzen dutelako. Garai berria bizi izanagatik, zigor eta mendeku makinaria bere horretan mantentzen dute, kartzeletako egoerak eta atxiloketek azaltzen dutenez.

Valls ministroaren azken adierazpenak ditugu horren guztiaren erakusle garbia. Ipar Euskal Herriari gutxieneko aitortza ere ukatu dio, euskal presoen eta beraien senideen kontrako sakabanaketa politika defendatu du eta bide polizialari gorazarre egin dio. Euskal Herrian, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bereziki sekulako babesa duen Aieteko Adierazpenaren beste muturrean kokatu du bere burua.

Euskal herritarren adostasun oso handia duten aldarriei mespretxu egin die. Eta mespretxuak goia jo du Aurore Martinen atxiloketa eta kanporatzearekin.

Erantzuna izango dute, bai Vallsek baita konponbideen kontrako agenda maneiatzen duten botere gune guztiek ere. Azaroaren 10ean Baionan, “Hurbildu bakera” lelopean, burutuko den manifestazioa dugu lehen hitzordu garrantzitsua.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak deialdi horrekin bat egin, eta euskal herritar oro partehartzera animatu nahi du, estatuen blokearen kontrako antidotoa herri mobilizazioa eta inplikazioa baitira, estatuak bere gotorlekutik ateratzeko edo, tematuta segitzen badute, aldebakartasunetik prozesu politikoan aurrera egiteko.

Giharra badela ikusi dugu azken boladan eremu ezberdinetan, baita azken hauteskunde ziklo honetan ere. Prozesuari independentziarantz irismen estrategikoa emateko indar metaketa gauzatzen ari da.

Izan berri ditugun Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak, gainera, hamar urteko ilegalizazioaren aroari, oraindik mehatxupean bada ere, amaiera ematea lortu da, Ezker Abertzalearen lanari esker. Horrek ez du esan nahi, bakarren batzuek esan duten moduan, hauteskunde horiek “normalizazio” osoko egoera batean egin direnik, ezta gutxiagorik ere.

Hala balitz, gu ez ginateke gaur hemen. Euskal errepresaliatuen egoera aldatzea ez dio soilik pertsona batzuen egoera bidegabe bati erantzun behar. Prozesu demokratiko osoaren behar bezalako garapenari ere mesede egingo liokeeta.

Horregatik, hain zuzen, bakearen kontrako indarrek atxikitzen dute gogor ziegetako giltza; konponbide justu eta demokratiko baten beldur direlako, Ezker Abertzaleak abiarazitako apustu politikoa, gatazkaren ondorioei aterabidea oztopatuz, hortxe ito nahi dute.

Ez dugu inongo blokeorik ontzat emango. Ez gara horretara ohituko. Gure egoera ez ezik, gure herriaren geroa ere baitago jokoan. Zapalketak sortutako gatazkaren ondorio gara, eta jakin badakigu gatazkari konponbide justua emateak bermatuko duela haren ondorioak erabat gainditzea. Halere, horrek ez du esan nahi konponbide osoosoa iritsi bitartean ekimenik egingo ez dugunik.

Blokeoa ez egonkortzeko eta sortutako baldintzak askatzeko lanean murgildu behar dugu denok, baita iheslariok ere. Prozesu demokratikoaren baitan, gatazkaren ondorioak gainditze aldera, urrats are ausartagoak egiteko prest gaude, estatuekin adostuta, Aieteko Adierazpeneko bigarren puntuan nazioarteko pertsona ospetsuek zehaztu moduan, edo aldebakartasunetik. Betiere, herriaren hauspoak eramango gaituelako sorterrira.

Etxeko bidea hartua dugu, kolektiboan errealitate arras ezberdinak ditugun arren. Urrun ditugunak edo babesa behar dutenak ditugu lehenlehenik gogoan. Duintasunez bizitzea dugu gutxieneko oinarria denontzat, iheslari garen bitartean eta iheslari izateari utziko diogunean ere.

Bagoaz, gainerako euskal herritarrekin batera, bizitzera, aske izatera, irabaztera.

 

Gora Euskal Herria askatuta

Gora Euskal Herri sozialista

Azkainen, 2012ko azaroaren 3an