»

[2012-01-16] ETArekin luze gabe elkarrizketa abiatzeko dei egin diete estatuei Iheslari Politikoek

iheslariak-larresoro“Dei egiten diegu estatuei errepresio neurri berezi oro eten eta gatazkaren ondorioak konpontzeko luze gabe ETArekin elkarrizketa abia dezaten” adierazi zuen Kolektiboak Larresoron, 2012ko Elkartasun Eguna kari plazaratutako agirian.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari:

Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Herri taupada inoiz baino ozenago entzuten ari gara. Abian da prozesu demokratikoa, eskubide denak eta proiektu politiko guztiak bermatuko dituen egoera erdiestea helmuga duen prozesu demokratikoa.

Azken urteotan Ezker Abertzaleak egindako lan eskergari esker ireki zaio atea itxaropenari. Ez parez pare, zoritxarrez, oraindik inposizioan, ukazioan eta errepresioan tematuta diren indarrek bereari eusten baitiote. Beraien ahuldade politikoa basakeriaz ezkutatu nahi izan dute.

Hala eta guztiz ere, Ezker Abertzaleak, berarekin batera lanean murgildu diren Euskal Herriko beste indarrek eta nazioarteko zenbait eragilek bidean barrena lehen urratsak egitea lortu dute. Emankorra eta askotan aldapatsua ere izango den bideari hasiera ematea lortu dugu. Ez dezala inork inoiz inongo zalantzarik izan: azken hamarkada hauetan polizia indarren eta torturaren atzaparretatik ihesi Bidasoa eta Pirinioak gurutzatu behar izan ditugun gizon-emakumeok osatzen dugun Kolektiboak babes eta konpromiso osoa eskaintzen dizkio Euskal Herrian irekitako ibilbide berriari.

Iheslarien Kolektiboak, gainerako euskal herritarrekin eta eragileekin batera, prozesuan parte hartzeko konpromisoa eta erabakia azaldu nahi du.

Beste aro bati ekin diogun honetan ezin ahantzi urteotan guztietan bidean eroritako lagunak. Askotan, gehiegitan, oso modu gordinean galdu ditugu, eta beti izango ditugu bihotzean. Gaurkoan, ordea, ez dugu haien heriotza gogoratu nahi. Gaurkoan, gure burkideen bizitza ekarri nahi dugu gogora. Haien ahalegina, haien egina, haien lana.

Utzitako ondareari eta pilatutako altxorrari esker, hementxe gaude, zutik, geroari esperantzaz so eginez, askatasuna eskuratuko dugun konfiantzarekin.

Milaka eta milaka izan gara erbestea ezagutu dugun euskaldunak, bai euskal erresistentziaren azken 50 urteotan, baita lehenago ere. Iheslariak, orain lehen bezala, herri ukaziotik eratorritako gatazka politiko sakon baten ondorio eta erakusle gara, euskal preso politikoak diren bezalaxe.

Hamarkadotan modu eta era guztietako erasoak jasan ditugu, oinarrizko eskubide txikienaren ukapenetik hasi eta gerra zikineraino. Ez dute, ordea, gure buruari uko egitea eta gure konpromisoa pitzatzea lortu. Jaso dugu, gainera, beste herri batzuen babesa, beste askapen mugimenduetako elkartasuna, munduko giza-emakume askoren aterpea. Babesik garrantzitsuena, nolanahi ere, gure herrian bertan aurkitu dugu, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira etorri izan garenean edota munduko azken bazterrean gure senide zein lagunen eta aberkideen sostengua jaso dugunean.

Hementxe gaude, beraz, berriro ere nazio askapen prozesuak fase politiko honetan eskatzen duenari erantzuteko prest. Gure ikuspuntua beste aro bat irekitzeko ahaleginean ari diren guztienarekin bat dator. Aieteko Adierazpenak marraztutako ibilbide orriak agertzen duenez, konponbide demokratikoak gatazkaren sorburuari eta gatazkaren ondorioei heltzea eskatzen du.

Hartutako erabaki historikoarekin, ETAk ekarpen erabakigarria egin du konponbideak aurrera egin dezan. Ez da hutsean emaniko urratsa. Azken urteotan egindako lan politikoaren, izandako harremanen eta egituratutako estrategia eraginkorraren ondorio da. Euskal Herria beste egoera batera eramateko luzez landutako baldintza politikoak askatzeko ordua iritsia zegoen, eta horrela etorri da ETAren ekarpena ere. ETAren erabakia, egia da, ez da nahikoa. Horregatik egiten diegu dei estatuei errepresio neurri berezi oro eten dezaten eta gatazkaren ondorioak konpontzeko luze gabe ETArekin elkarrizketa abia dezaten.

Euskal herritarrek argi bezain garbi adierazi dute –azkenekoz, joan den urtarrilaren 7an Bilbon izandako manifestazio erraldoian– euskal presoen eta iheslarien etxeratzea atzera ezin daitekeen erronka dela. Iheslarien Kolektiboak ere horrela ulertu du eta, horrenbestez, bere jarduera helburu horri lotuko dio, ETAk eta gobernuek osatu beharreko mahaian adostu behar diren aterabideei babesa emanez edota aldebakartasunetik urratsak eginez, betiere konponbide prozesu integrala elikatzeko eta ahal bezain beste aurreratzeko asmoarekin.

Hautua egina baitugu: bizi ala bizi, askatasuna ala askatasuna, irabazi ala irabazi.

Gora Euskal Herria askatuta

Gora Euskal Herria sozialista

Larresoron, 2012ko urtarrilaren 15ean

Informazio gehiago: kazeta.info